Politika -

Bizkartzainak udaletxean

Andoaingo alkatea eta PSEko zinegotzia kalean bildu dira

Udaletxera bizkartzain bat, gutxienez, sartzeko baimena ematea eskatu du zinegotzi sozialistak. Proposamenari "buelta bat emango" diola erantzun dio Ane Karrere alkateak (Bildu).

Ane Karrere, Andoaingo alkate-kargua hartu zuenean. Argazkia: EITB
Ane Karrere, Andoaingo alkate-kargua hartu zuenean. Argazkia: EITB
Ane Karrere, Andoaingo alkate-kargua hartu zuenean. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amutxastegik erantzun dionez, ETA existitu bitartean ez da zinegotzi sozialistentzat "berak dion normaltasunik egongo". Alkateak, berriz, "horrekin zerikusirik ez duela" gaineratu du, "Bildukoa delako".

Bozeramaile sozialistak azaldu duenez, bizkartzainak dira bere segurtasunaren erantzule, eta, hori dela eta, inora sartu aurretik, haiek sartu ohi dira lehendabizi, bertan "zer dagoen ikustera". Baldintza egokiak direla baieztatutakoan, berriz, zinegotzia sartzen da.

Horren aurrean, udaletxera bizkartzain bat gutxienez sartzeko baimena eskatu dio Amutxastegik alkateari. Bizkartzain horrek gelak miatuko lituzke eta, ondoren, kalera irten eta udaletxearen kanpoaldean itxaroten geratu, "ia beti" orain arte egin duten bezala.

Ane Karrerek proposamena entzun du, eta horri "buelta bat emango" diola erantzun dio Amutxastegiri.

Zinegotzi sozialistak "intsumisotzat" jo du bere burua. Hori dela eta, ez da udaletxean sartuko bere bizkartzainei bertara sartzeko baimena eman arte.

"Polemika artifiziala"

Joan den astean Andoaingo Bilduk azaldu zuenez, EAJko, PSE-EEko eta PPko zinegotziekin bilduko da "hainbat komunikabidetan piztu den polemika artifizialaren ondoren sortu den egoera aztertzeko eta herriko udal ordezkarien artean adostasun batera iristeko".

Koalizioak aipatu zuenez, bizkartzainei udaletxean sartzeko debekuarekin ez dute "inolaz ere zinegotzien segurtasuna murriztu nahi izan". "Neurria ez da izan PPko eta PSE-EEko zinegotzien kontrako zigor politikoa", adierazi zuen Bilduk.

Andoaingo alkate Ana Karrerek hartutako erabakia "bizikidetza politikoaren bidean udaletxearen barruan ere normalizaziorantz egin beharreko urratsa izan da", oharraren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea